Euskal Museoak adar bat ukanen du Maulen bost urteren buruan

Ez da bide erraza izan, eta oraino bost urte goaitatu beharko dira, baina Yves Ugalde Baionako Euskal Museoko presidenteak baieztatu du, «Xiberoan adar bat sortzeko asmo fermua du Euskal Museoak». Ondarearen etxean izanen da, baina eraikina funtzio berriei egokitzeko lan andana egitekoak dira oraino. Badu urte zenbait xede hau gogoetatzen ari direla, Xiberoan bildutako aurkikuntza arkeologikoak tokian berean erakutsiak izan daitezen. Gaur egun, materialak Baionara igortzen dira Xiberoako lurraldean ez baita horiek zaindu eta aztertzeko gunerik. Egitasmoa programazio fasean da; elkarte eta interesa duten eragileekin lankidetzan dihardute, eta arkitektoekin urte eta erdiko lana dute oraino egiteko. Egokitze lanak burutzeko 18 hilabete beharko dituzte. Departamenduaren eta Akitania Berria eskualdearen babesa bildu dute, eta beranduenik, 2029an irekiko da.