«Amorruz» mintzatu dira ostegun goizean zugarramurdiarrak eta saratarrak Zugarramurdin egin duten agerraldian. Azken astea «zainetan» bizi dutela adierazi dute, Baztango Udalak Arxuriko kaskorat joateko kilometro bateko pista eraikitzeko baimena onartu zuela jakin dutenetik. Azaldu dutenez, Bidasoa Arxuria Group parapente eskola pribatua da proiektu «suntsitzaile» horren gibelean. Harremanetan ezarri dira enpresa horretako buruarekin eta Baztango Herriko Etxearekin ere, proiektua bertan behera uzteko eskatuz. Natura 2000 sareak babesturiko mendi mazelak eta bertako fauna kaltetzeaz gain, herritarren bizi kalitatea kaltetuko duela uste dute; izan ere, jada turistikoki «masifikaturik» den ingurua, ibilgailu handiz eta bisitariz beteko dute.