Dilinda segitzen du Mauleko ospitalearen geroa. Azken hilabeteetan, eztabaida bizia izan da Ipar Euskal Herriko ospitale zentroa osatzeko ala Paueko ospitalearen adar gisa segitzeko. Gaia mahai gainean izan dute Xiberoako poloko azken bilkuran, eta bi aukerek eskaintzen dituzten abantailak aztertzeko diagnostikoa egitea deliberatu dute. Lurraldeko osasun zerbitzu guztien inguruko balorazio orokorra egitea da xedea, eta poloko 43 ordezkarietatik, 26k alde bozkatu dute, 12k kontra eta 5ek zuri. Orain, Euskal Hirigune Elkargoak azterketa abiatzeko baimena galdegin beharko dio ARS tokiko osasun agentziari. Oroitarazi behar da Mauleko ospitalea «gaizki kudeatua» zela argudiatuz Paueko ospitaletik bereizi zela duela hilabete batzuk, baina arazoak ez baitziren konpondu, lotura berriz ezarri zuten.