Mila familia baino gehiago eta 5.000 norbanako lagundu ditu Sokorri Katolikoak aurten, Ipar Euskal Herrian. Karitatezko erakundeak ohartarazi duenez, garraioari loturiko beharrak ere emendatu dira, bereziki barnealdean. Erregaia erosteko, ibilgailuak konpontzeko edo garraio publikoa hartzeko bonoen galdea nabarmen hazi da, eta laguntza guztien %27 dira. Bestalde, Sokorri Katolikora hurbiltzen direnen adina zahartu egin da, laguntza galdea egin dutenen %38k 50 urte baino gehiago dute; eta haurrekin diren emazte bakartuen kopurua ere sei puntuz goiti egin du azken bost urteetan, ia %22ko heineraino. Egunero banatzen dituzten gosarien kopurua bikoiztu egin da azken hamarkadan. Jon Gonzalez Epherra Baionako Sokorri Katolikoko langileak azaldu duenez, Baionako egoitzan bakarrik, aurten, 19.000 gosari banatu dituzte.