Etxalde elkarteak bermatzaileak xerkatzen ditu, Coop57 finantza zerbitzu «etiko eta solidarioaren» 300.000 euroko mailegua eskuratzeko. Egitura horrek 25 urterainoko maileguak eskaintzen dizkie izaera sozialeko egitasmoei, %2,75eko interesarekin. Bultzada horretaz baliatu nahi luke Etxaldek Bokaleko eraikin bat eskuratzeko, eta zortzi apartamenturen gozamena prezio eskuragarrian saldu ahal izateko. Haatik, mailegua ukan ahal izateko, gutxieneko berme bat ziurtatu beharko du Etxaldek. Hori dela eta, ehun eta bost mila euro arteko diru zama eskaintzeko prest diren bermatzaileak xerkatzen dituzte.