Hego Lapurdiko etxe ekoizleek, bestelakotze tailer berri-berria eskura dute Senpere Lizardi lan-eremuan. Duela urtebete estreinatu zuten eta bertan, baserriko ekoizpen oro bestelakotzeko baliabideak eskuragarri dituzte elkarteko kideek. Orain arte, hamar etxaldek baliatu dute baina oraino anitzendako tokia bada; izan ere, ehun tona ekoizteko gaitasuna du 400 metro karratuko azpiegitura horrek. Tresneria eta ekipamendua etxe ekoizleen beharretara egokitua da eta hainbat erosketa mutualizatzen dituzte. Horrez gain, haragia bestelakotzeko harakin baten laguntza dute bertan. Gune hori fruituak, barazkiak eta eztia eraldatzeko prestatua da ere bai. Ostegunean ate irekiak egin dituzte inguruko etxe ekoizleei gunea aurkeztu eta Hurbil elkarteko kide izatera bultzatzeko.