Herri Urratsek 500.000 euroko ekarpena egin dio Seaskari

Nehoizko bultzada ekonomiko handiena bildu du Seaskak. Herri Urratsen azken edizioa ezin izan zuten behar bezala ospatu aro txarrarengatik, baina ondoko elkartasun erauntsia sekulakoa izan da. 500.000 euro bideratu ahal izan dituzte Senpereko Seaskak ireki berri duen Kattalin Elizalde kolegioari, usaian 300.000 euroko irabaziak bideratzen direlarik. Eta orain, iragan urteko tenpestaren ondotik, ortzadarra heldu da  Senpereko aintzirara. Herri Urratsen 41. edizioa 2024komaiatzaren 12an ospatuko da «ortzadarra» lemapean, eta Beskoitzeko ikastola berria finantzatzera bideratuko dira irabaziak. Aurtengo kantua Neomak taldeak eginen du, eta berrikuntzen artean, maketa lehiaketa bat antolatu dute; irabazleak Herri Urratsen jotzeko parada ukanen du.