Urepeleko "zuhaitzak landatzen dituen gizona" da Xalbat Bidart. Hamairu urterekin jada hasi zitzaion zuhaitzekiko maitasuna loratzen, eta 1978tik urte bat bera ere ez du huts egin zuhaitzak landatu gabe. Arranguraz ikusten du Ipar Euskal Herriko mendien egoera, zuhaitz mozketen eta mendiko suen baliapen txarraren ondorioz «larrutuak» ikusten baititu. Azken urteetan, adinean goiti joan arau Aldudeko Urrixkan kontzentratu ditu bere indarrak. Gaztainondo, haritz, pago eta bestelako tokiko espezien muskilak sobera diren tokietatik erauzi, eta hutsak diren eremuetan birlandatzen ditu. Abenduaren 12an Baigorri ibarreko ihiza batasunak antolatu duen zuhaitz landaketan atzeman eta ezagutu dugu gizon miresgarri hau.