Barazkien zurikinak, arroltze kuskuak edo apairuen hondarrak… Urtarrilaren lehenetik baitezpadakoa da hondarkin organikoak konpostatzea Ipar Euskal Herrian. Azken neurketen arabera, herritar bakoitzak 70 kilo hondarkin organiko sortzen ditugu urtean, izan ere, gure zikinontzien %26 osatzen dute sukaldeko hondarkinek. Bil Ta Garbi sindikatuak konpostagailu indibidualak eta kolektiboak urririk eskainiko ditu, haien baliapena sustatu eta garatzeko. Gaur egun 130 konpostatzeko gune ezarri dituzte, baina bi urteren buruan mila izatea aitzinikusi dute.