Ehun urte bete ditu Zaharrer Segi pilota batasunak. Orotara hirurehun lizentziadun baino gehiagorekin, Ipar Euskal Herriko eta frantses Estatuko pilota federakuntzako pilota elkarte handiena da. Mendeurrena behar bezala ospatzeko urte osoko egitaraua antolatu dute kantaldi, erakusketa, mintzaldi, liburu aurkezpen eta Perkaini buruzko dokumentalaren estreinaldiarekin. Alta, hitzordu nagusia irailaren 7an izanen da, Baigorrin besta handi bat eginen baitute. Lehen hitzordua urtarrilaren 27an izanen da, ‘Union basque’ txapelketaren nesken finala jokatuko baitira Arrosako trinketean; otsailaren 10an, txapelketa bereko gizonezko kadet eta helduen esku huskako finalak izanen dira, Baigorrin.