Itsasuko gereziaren sor-marka, bide onean

Euskal sagarnoaren mugaz gaindiko sor-markaren ondotik, Itsasuko Gereziak hartuko du orain lekukoa. Xapata elkarteak 2014ean abiatu zuen Ipar Euskal Herriko gerezi moten ekoizpena balioan emateko desmartxa. Jatorrizko izendapena erdiesteko, ordea, ekoizpen horren balio kultural eta tradizionala frogatu behar da. Hori dela eta, egiazko historialari lana egin behar izan dute. Artxibategi eta herriko etxeetan atzeman dituzten agiri zaharrenak XVIII. mendekoak dira. Horrez gain, tokiko gereziondo espezieen azterketa egin dute Iparralde osoan, eta horri esker, sor-markaren eremua 66 herrietara zabaldu dute. INAO erakundeak lehen txostena aurten onartuko dutela uste dute. Sor-marka sortzeko, aldiz, beste lauzpabost urte beharko dira.