Laborarien protestek ez dute etenik. FNSEAk aste hastapenetik bide mozketa handiak gauzatu ditu Frantzian osoan, bereziki, Europar Batasunak ezarri nahi dituen ingurumenaren aldeko neurrien kontra. Horien artean, laborantza lurren %4 lugorrian atxikitzeko araubidea, edota kabala etxalde handien berotegi efektuko gas isuriak murrizteko neurriak. Protestak hartu duen tamaina ikusirik, Confédération paysanne eta ELB sindikatuek ere mobilizazio uhinarekin bat egitea deliberatu dute, hori bai, haien aldarri propioekin: «laborari ororendako lansari duin bat eta merkataritza-librearekin haustea». Aste hondar honetan, Lapurdin mobilizazio bat antolatuko dutela jakinarazi du ELB sindikatuak.