Euskarazko antzerkiaren inguruko teoria hutsuneari ihardetsi nahi izan dio Ander Lipusek. Antzerkilari markina-xemeindarrak bi liburukitan bereizitako obra argitaratu du, 'Antzerkiaren labirintoan' izenburupean. Antzerkigintzan ukan duen esperientzia zabala biltzen entseatu da Lipus, eta besteak beste, Ipar Euskal Herrian ikasitakoari aitortza egiten dio. Lehen liburuan, bere esperientziak eta bere inguruko kulturgintza hartu ditu ardatz; bigarrenean, aldiz, antzerkigintzako gida «teoriko-praktiko-poetiko» bat osatu nahi izan du.