Euskal unibertsitateak bat eginik, mugaz gaindiko trabak gainditzeko

Legedia, zerga sistema, mugen hestea… Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko lankidetzan sortzen diren trabak aztertzeko Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Institutua sortu dute ikasturte honetan. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta UPPA Paueko eta Aturrialdeko unibertsitateak dira partaide nagusiak, eta POCTEFA programaren bultzada ekonomikoa ukan dute. Problematika berezituak aztertuko dituzte ikerlariek, Euskal Herri osoko enpresa, elkarte edo administrazio publikoentzat baliagarri. Udaberri honetan argitaratuko dute zergen inguruko lehen txostena. Era berean, martxoaren 22an hiru unibertsitateetako ikasleak Donostian bilduko dira, Europar Batasunaren barneko mugen hetsieraz eztabaidatzeko. Gutxienez 2026ra arte luzatuko da egitasmoa, eta milioi bat euroko aurrekontua du.