Laborariak karrikara atera dira Europa osoan, bizi eta lan baldintza hobeak aldarrikatzeko. Mobilizazioek eragin duten krisi politikoari, pestizidak apaltzeko planaren gibelatzearekin iharduki dio Europako Batzordeak. Laborari sindikatu kontserbadoreenek Agenda 2030 planaren barneko neurriak ezarri dituzte jo puntuan, etxaldeen produktibitatea trabatzen eta laborarien egoera okertzen dutelakoan. Neurri horien artean dira, besteak beste, lurren %4 lugorrian atxikitzea, hazkuntzetako CO2 isuriak murriztea edota 2023erako pestiziden baliapena erdira murriztea. EELV Europa Ekologia-Berdeak alderdiko Alice Leiziagezahar mobilizazioen alde agertu da, baina haren ustez Europako Batzordearen arrapostua «egiten ahal zen errazena» dela, eta «ez duela laborarien bizitza egiazki hobetuko» uste du.