Nehoiz baino negu epelagoa izanik ere, ihauteek udaberriari dei eginen diote. Ihauterietako asteburu gotorrena heldu da. Irisarrin Donibane Garazin, Donostiako Añorga auzoan edota Iruñean libertimenduak izanen dira, Irurin maskaradak eta Lapurdiko hamaika herritan kaskarotak. Oier Araolaza antropologoak azaltzen duenez, ihauteriak ez besta izatetik harago, «gizartea aitzinatzeko» tresna dira, herritarren arteko harremanak «erregulatzeko eta egituratzeko» balio baitute.