Goizeko Izarra Garaziko pilota batasunaren biltzar nagusia iragan zen larunbatean. Lizentziadun gehien dituen bigarren pilota batasuna da Baigorrikoaren ondotik. Osagarri onean da pilota Garazin eta azpimarratu dituzte ere txapelketetan dituzten emaitza onak. Haatik, aurtengo biltzar nagusiak bazuen gustu berezi bat, 1997tik hona asteleheneko partidak kudeatzen dituen Garaziko Pilota elkartea deseginen baita uztailetik goiti. Edourd Maite elkarteko buruak bere kargua utziko du laster, eta Goizeko Izarrak ez du kudeaketa horren lekukoa hartzeko xederik. Anartean, Donibane Garaziko herriko etxea kudeatzaile berrien xerka ari da, asteleheneroko partiden usaia ez dadin horretan geldi.