'Malda bizi' izena eman dio Kepa Akixo 'Zigor' artistak bere argazki erakusketari. Azaldu digunez, «argazki horiekin nahiko nuke jendeak ikus dezala non bizi den, eta nola guk geuk mundua aldatzen dugun gure beharretara, eta nola malda horiek gu geu egiten gaituen». Zizelkari bezala ezagunagoa baldin bada ere, aldi honetan argazki erakusketa bat aurkezten du, hainbat marrazkiz lagundurik. Naturako paisaiak ageri dira, maldak edo patarrak, goitik behera. Erakusketa ibiltaria izanen da, Baionako DIDAM gelan izanen da maiatzaren 3tik ekainaren 16ra, Irisarriko Ospitalean uztailaren 6tik urriaren 12ra eta Mauleko Agerrian azaroaren 8tik urtarrilaren 5era. Kasik urte bateko ibilbidea eginen du beraz erakusketak Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan gaindi.