Frantsesenia lizeoa, 70 urtez Ipar Euskal Herria barnealdeko laborarien formatzen. Frantxoa Tambourin lizeoko lehendakariak azaldu digunez, lizeoa 1953an sortu zen «Tokiko laborantza bultzatu eta Iparraldeko gazteek Ameriketara immigratzeko beharrik ez zezaten ukan». Lehen hamarkadetan ikastetxea anitz tokietatik iragan zen, 1999an Baxe Nafarroako hiriburuan egonkortu zen arte; eta ordutik, beste sail profesional batzuk ere ireki dituzte, hala nola, harrera eta zerbitzu sailak. Gaurko egunez, 123 gaztek ikasten dute lizeo horretan, eta 2025-2026 ikasturte hastapenetik haurtzaroko irakasle saila irekiko dute. Tambourinek dioenez, «ikasle ohien gaineko ikerketa egiten dugu urtero, eta ikusi dugu %90k lan on bat atzematen duela ikasketak bururatzean». Apirilaren 27an egun osoko besta eginen dute Izpuran 70. urtemuga ospatzeko, oraingo eta garaiko ikasleekin.