Baionako auzitegiak 500 euroko isunera kondenatu ditu Ostia kolektiboko lau auzipetuak. 2022ko abenduan Angeluko Bouygues Immobilier agentziako bulegoa eta maketa bat andeatzeaz akusatuak ziren. Prokuradoreak, aldiz, 1000 euroko isuna galdegiten zuen ekintzako partaide bakoitzarentzat. Isunaz gain, abantzu 6.000 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dizkiote auzipetuek Bouygues promotoreari, baita 800 euroko abokatu gastuak ere. Hatz markak eta DNA ez emateagatik aldiz errugabetuak izan dira; epaileak adierazi du militanteak eta pertsona ezagunak izanik ez dela arrazoirik DNA eskatzeko. Marieniako laborantza lurren defentsan, mobilizazio eguna ospatuko dute maiatzaren 25ean Kanbon.