Korrikak Euskaraldiari eman dio lekukoa. Euskaraldia 2025eko maiatzaren 15etik 25era iraganen da. Herritarren bultzadak urrats berri bat eman diezaien euskararen aldeko politikei. Euskalgintzaren kontseilua eta eragile nagusiak elkartu dira politika publiko indartsuak aldarrikatzeko. Toki sinboliko bat hautatu dute horretarako, Baionako herriko etxeko plaza, Korrika bukatu zen gunea. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko buruak zehaztu duenez «gizarte engaiamenduak, botere publikoen engaiamendua baitezpadakoa du». Euskararen normalizazioa, «justizia soziala» erdiesteko prozesua dela babestu dute, eta erronka horrek «inbertsio publiko handiak» behar dituela azpimarratu dute.