Azken bi asteetan artzainak bortura igaiten hasi dira. Aurten, aroak eragin duenez bortuan, batzuk berantago abiatzekotan dira. Hala ere, Garaziko mendietan artzain franko badira. Mendiak betetzen hasiak dira, bai kabalez, bai artzainez. Udako sasoia hastera doa, baina aroa ez denez haien alde, artzain batzuek berantago igaiteko deliberoa hartu dute. Hala ere, bortu batzuetan, beti arrakasta bada. Garaziko mendietan adibidez, bi etxola salbu, beste guziak artzainez beteak dira. Garaziko mendi sindikatuak, hainbat obra hasi ditu bai artzainentzat, eta baita ibiltarientzat ere: uraren garraiatzea idortearen desmasien saihesteko, edota ibiltari eta turisten lekuetan egokitzapen batzuk.