Beskoitzeko herritarren gehiengoak Pascal Jocouren zerrenda bozkatu dute lehen itzulian. 575 bozka erdietsi ditu (%37,7). Gibelean, 37 bozkako distantzian gelditu dira Fabienne Ayensa auzapezaren lekukoa hartu duen Fabienne Etxegarai, bozken % 34,9arekin. Hirugarren gelditu da Haritza Camblongek gidaturiko Hats Berri zerrenda 429 bozkekin (%27,8). Hiru zerrendek erdietsi dute bigarren itzulira iragaitea; haatik, Jocouren eta Camblongen zerrenden arteko akordio bat ireki liteke heldu den igandeko bozketarentzat. Bi zerrendak ados agertu dira Beskoitzeko ikastolaren geroari begira; aitzitik, ZAC hirigintza proiektuarekiko ez dute ber ikuspegia. Asteartera arte dute bat etortzeko. Etxegaraik, bere aldetik, lehen itzulian parte hartu ez duten herritarren babesa erdiesten entseatuko da.