2032 Kolektiboaren proposamenak kontuan hartu ditu Baionako herriko etxeak. Iazko jendetza handia jasan ondoan eta bereziki Patrice Lanies erail zutenetik, neurriak hartu nahi ditu herriak. Esperimentazioaren urtea izanen da. Hainbat aldaketa iragarri dituzte, lehenik irekitze ekitaldia arratsaldeko 17:00etara aitzinatuz. Zaldiko maldikoak eta merkatariak lekuz aldatuko dituzte, eta giroa baretzeko, aurten kontrolak zorroztuko dituzte bozgorailuetako soinuaren heinari begira. Garraioen aldetik, autobusen proposamena zabalduko dute, Donibane Lohizunetik. Trenetan, iaz bezala eskaintza indartu du SNCFek. Iaz 28 000 bidaiarik baliatu zuten trena Baionara jiteko. Besten aitzinkontu orokorra 4,2 milioi eurokoa da aurten.