Frantses legebiltzarrerako Hauteskunde kanpainaren azken eguna dugu ostiral hau. Iganderako bozei buruzko azken zundaketen arabera, eskuin muturrak irabaziko ditu hauteskundeak %36arekin, eta bigarren tokian Fronte Herritar Berria, bozen %29arekin. Macron presidentearen gehiengoak %19,5 baino ez luke erdietsiko. Aldiz, ikerketa gehienen arabera, eskuin muturrak ez luke gehiengo osorik lortuko legebiltzarrean. Hauteskunde legegileen lehen itzulia igandean iraganen da eta uztailaren 7an bigarrena. Jenofa Berhokoirigoin ARGIA aldizkariko kazetariak azaldu duenez, Batasun Nazionala «herritar anitz jasaten duten miseria eta gaizki izateaz baliatzen da». Horrez gain, euskaldunendako kaltegarria izanen dela uste du: «eskuin muturra ez da aniztasunaren alde, frantses hiztun zuriaren alde baita».