Sébastien Castet: «Euskaldun gehiago bada, baina euskaldunak gero eta giro frantsesdunago batean bizi dira»

Mugaz gaindiko uda ikastaroak abiatuko dira astelehen huntan ostiralera arte irauteko Baionan eta Hizkuntza Politika berrirako urratsak Ipar Euskal Herrian aztertuko da. Horren baitan, ikastaroak bi helburu izanen ditu: Alde batetik, Hizkuntza politikaren gaia jendarteratzea eta hizkuntza baten biziberritze prozesuan hizkuntza politikak duen garrantziaz ohartaraztea. Eta bestetik, Ipar Euskal Herrian hizkuntza politika publikoa eramateko ardura duen Euskararen Erakunde Publikoa berritzen ari diren garai horietan, hobekuntzarako urratsak proposatzea eta ikastaroan izena emanen duten jendearekin kontrastatzea.