Oztibarre, Iholdi, Amikuze eta Hazparne hunkitu ditu berriz ere behien eritasun hemorragiko epizootikoak. Eritasuna ulitxa batek hedatzen du, eta iragan urtean azkarki kolpatu zituen Ipar Euskal Herriko behi hazkuntzak. Kabalen heriotzek eta artatze gastuek galera are handiagoak sorrarazi zizkien jada idortearengatik ahulduriko etxaldeei. Oraino eritasunari buru egiteko txertorik ez bada ere, marexalen arabera aurten ez da iaz bezain egoera larria izanen, behien immunitatea azkartu delako. Haatik, ez da eritasun hau arrangura pizten duen bakarra. Izan ere, mihi-urdinaren eritasuna Belgikatik Euskal Herrira hedatzeko mehatxua ere baita. Azken horrek behi, ardi eta ahuntzei eragiten die, eta txertoa batekin buru egiten ahal zaio.