Hasi berri diren 20 proiektu diruztatuko ditu Euroeskualdeak. Urtero bezala, 2015 urtetik, deialdi baten ondotik hogei proposamen atxiki dira, denak mugaz gaindiko elkarlana dutelarik mamian. Euskal ihauterien berpiztea, hiru eskubaloi talderen trukaketa edo hizkuntz-oporren antolatzea familientzat besteak beste. Marie Heguy-Urain Euroeskualdeko hiritartasun saileko misio kargudunak azaldu duenez, orotara 500.000€ banatu dituzte aurten hogei proiekturen artean, Akitania Berriaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren arteko elkarlana sendotzeko.