Usaian hektareaka bost tona gari biltzen dira Ipar Euskal Herrian, baina aurtengo uzta urriagoa izan da. Iragan larrazken eta neguko euriek zerealaren ereitea gibelatu zuten, eta horren ondorioz, uzta ez da iazkoa bezain oparoa izan. Haatik, baldintza zailak izanik ere, tokiko lehengaiekin Iparraldean ekoizten den Herriko ogiaren sailak uste baino uzta hobea ukan du. Aurtengo zerealaren kalitatea, gainera, aski ona dela erakutsi dute analisiek. Bildutako uzta, ordea, ez da aski izan Herriko kalitate-irizpideak segitu nahi duten bezero ororentzat. Eskaria asetzeko, beraz, Biarnoko gari-soroetako uztatik hornitu behar izan dira.