10 urte bada, euskarak bere arnasgunea baduela Izturitzen. Artetxea kultur etxea sortu denetik, euskarazko jarduera ezberdinak eskaintzen zaizkie, gehien bat Arberoako biztanleei. Kantua, euskara kurtsoak, yoga, KEB komunikazio ez bortitza edota arte tailerrak, besteak beste. Ibarreko ekoizleen merkatua ere bada orain, ostiral arrats guziez. Lehengo eskola giristinoa aterpetzen zuen «patronaia» hutsari, funtzio berria eman zioten elkartekoek. Ospakizunak abiatuko dira ostiral honetan, agorrilaren 30ean, arratseko 7 orenetarik goiti: mutxikoak lehenik Arberoa txarangarekin, ondotik Tapia eta Leturia bikote mitikoaren kontzertua eta bururatzeko, dantzaldia Andoni Oillokiegirekin.