Giroa ez da baretzekotan Iparraldeko pilota eragileen artean. Berriz ere desadostasunak piztu dira agorrileko komisio parekidearen bilkuraren ondotik. Bertan berezko eta lehen mailako amateur gisa ariko ziren pilotariak adostu zituzten. Besteak beste, berezkoen mailatik lau pilotari amateurretara iragaitearen alde agertu ziren eragile gehienak. Haatik, Iparraldeko Pilota Batzordeak salatu duenez, Frantziako Federazioko lehendakari Lilou Etxeberriak erabaki horri entzungor egin dio. Demokrazia eskasa eta erabaki batzuk indarrean pasarazi nahi izatea leporatu diote Etxeberriari, baita berezkoen saila kudeatzen duen Esku Pilota elkarteari ere. Iparraldeko Pilota Batzordearen kexuarekin bat egin dute Berria formakuntza zentroko Manu Martiarenak, Bruno de Ezkurra Frantziako Federazioko esku huska arduradunak eta Thierry Larralde DTN kirol zuzendariak.