Peio Dufau: «Eskuin muturraren babesarekin izendatuko dute lehen ministro»

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, ororen buru, badu bere lehen ministro berria. LR Errepublikanoen alderdiko Michel Barnier eskuindar kontserbadorea izendatu du. Fronte Herritar Berriko alderdiek «gobernu kolpea» salatu, eta Barnierren gobernua zentsuratzearekin mehatxu egin dute. EH Baik gaitzetsi du izendapenak ez duela uztaileko bozetan bozka emaileen gehiengoak erabakitakoa ordezkatzen. Eskuin muturra baikor agertu da, haatik. Marine Le Pen RN alderdiko buruak begi onez ikusi du Barnierren izendapena, eta aukera bat ematearen alde agertu da. Izan ere, errepublikanoen eta macronisten babesa ez ezik, eskuin muturraren babesa beharko du lehen ministro berriak bere politikak aitzina eramateko.