Gorka Torrek ez du bere auzian parte hartu, eta intsumisiora dei egin du. Euskaraz deklaratzeko eskubidea aldarrikatu du, baina auzitegiak ez baitio onartu, auzitegitik ateratzea erabaki du. Hala ere, jende andana elkartu da Baionako auzitegi aitzinean epaituari babesa adierazteko. Maiatzaren 17an, Baionako suprefetura aitzineko pareta batean «Geldi euskara zapaltzea» idaztea leporatzen zioten behorlegitarrari. Epaileak 1.500 euroko isuna ordaintzera kondenatu du, eta beste 500 gibelapenarekin. Horrez gain, 1.268 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dizkio Pirinio Atlantikoetako departamenduari. Torre, jada, martxoan epaitua izan zen beste ekintza baten ondorioz, eta 500 euroko isuna ordaintzera eta hilabeteko espetxe zigorrera kondenatu zuten, azken hau gibelapenarekin.