Itsas abentura zirraragarri bat abiatu da asteazken honetan Angeluko portutik, Brasileraino. Sei hilabetez, Heol espedizio zientifikoak hiru kontinenteko urak nabigatuko ditu. Hiru lagunek osatzen dute espedizio taldea, eta itsas ingurumenaren inguruko ezagutza eta kontzientziazioa azkartzea dute xede. Baliabide berritzaileen bidez itsas ugaztunen egoera eta mugimendua, itsasoko bioaniztasuna kaltetzen duten sargazo itsas-belarren ugalketa eta zooplanktona babesteko bideak ikertuko dituzte. Espedizioan zehar, Mauleko eta Urdiñarbeko CM1-CM2 mailetako ikasleekin harremanetan izanen dira bideokonferentziaz, ikertutakoaren berri emateko. Abenturak 35.000 euroko aitzinkontua du, eta parte handienean, autofinantzaketaren bidez erdietsi dute.