Asteburu honetan ondarearen egunen kari hainbat hitzordu izanen dira Ipar Euskal Herri osoan. Aurtengo ondarearen lema nagusia bideak, sareak eta loturak izanen dira. Horri loturik Xiberoan mintzaldi bat emanen du Ikerzaleak elkarteko Filipe Etxegoienek lurraldeko bide, xendra eta zubiez. Xiberoko historiaz bi liburu argitaratu berri ditu, aitzinhistoriatik gaur egunera arte. Eta justuki bere liburuaren berezitasun nagusietarik izan da bide ezberdinen inportantziaren azpimarratzea, baita horien zaintzea ere. Hiru bide desberdin baitziren, kabala bideak, herriko bideak eta errege bideak.