Kattalin Elizalde kolegioa estreinatu dute ofizialki

Tokiko hautetsi eta Ikastolen Elkarteko ordezkarien presentziarekin Kattalin Elizalde kolegioaren estrena ofiziala egin da iragan larunbatean. Dela urtebete ireki zituen ateak 80 ikaslerekin, eta ikasturte honetan 130 ikasle dira. Seigarren mailatik laugarrenera, bi klase izanen dira maila bakoitzeko. Kolegioak gehienik 220 ikasle errezibitzen ahalko ditu. Departamenduak erdiz diruztatutako bost milioi euroko proiektua ez da arras bururatua, oraino zortzi ikasgeletako lanak abian baitira. Ekitaldian Nekane Artola Euskal Herriko Ikastolen elkarteko buruak bi erronka iragarri ditu ikasturte honetarako, hezkuntza eredua indartzea batetik, eta irakasleen formakuntza soziolinguistikoan sakontzea bigarrenik. Horrekin batera, baliabide digitalen baliapena sustatzen segituko dute ikastoletan. Euskal Herri osoan, jada, 50.000 ikasle barnebiltzen ditu Ikastolen Elkarteak.