«Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago». Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu duenez, «kanporaketa gehiago, eta erregularizazio gutxiago» egiteko xedea du. Anitzetan, ultraeskuinaren posizioekin bat egin duen ministroaren hitzek «izua» eragin dute etorkinen eskubideen alde lan egiten duten elkarteengan, baita ezkerreko eragile politikoengan. Horien artean, Ipar Euskal Herriko Etorkinekin Diakitéko Amaia Fontang kideak, elkarteak duen arrangura adierazi du. Testuinguru honen erdian, Mugarik Gabe topaketak antolatu dituzte irailaren 24tik 28ra, eta urriaren 3tik 5era iraganen direnak Baionan, Larzabalen, Donapaleun eta Uztaritzen.