ALERT PYR mugaz gaindiko proiektua abiatu dute mugatik hurbil dauden suhiltzaile ezberdinek. Helburua iparraldeko eta hegoaldeko suhiltzaileen arteko elkar ezagutza eta elkarlana sustatzea da, horretarako tresnak sortuz. Jadanik, 2018 eta 2021 artean, ALERT proiektua abiatu zuten xede berarekin. Proiektu hori segitzeko gogoarekin abiatu dute ALERT PYR ekimen berria. Orain arte, mugak interbentzioen banaketa egiten zuen; hau da, iparraldean istripu bat gertatzen bazen, iparraldeko suhiltzaileek segurtatzen zuten interbentzioa, hegoaldeko kaserna bat istriputik hurbilago egon arren. Helburua, beraz, elkarlana eta eraginkortasuna areagotzea da. Proiektu honetan Iparraldeko, Gipuzkoako, Nafarroako, Aragoiko, Pirinio Garaiko, Garona Garaiko eta Aran Ibarreko suhiltzaileak parte hartzen dute.