Ipar Euskal Herriko bederatzi enpresaburuk bat egin dut, beren langileendako etxebizitza eskuragarriago batzuk proposatzeko. Duela urte bat sortu zuten Lan eta Bizi Herrian SCI higiezin sozietate zibila, eta jada, eraikin bana eskuratu dituzte Hazparnen eta Aiherran. Bertan, alokairuan proposatuko diren bizitegiak sortuko dituzte, eta Peio Etxeleku enpresaburuak azaldu duenez, urte batzuen buruan, egoiliar iraunkorrek bizitegi horien gozamena erosten ahalko lukete, higiezin sozietate zibilak jabetza soila atxikiz. Alta, gozamen hori arraerosteko eskubidea izanen du egiturak. Egitasmo horretan 700 langile enplegatzen dituzten bederatzi enpresa elkartu dira, horien artean, Agour, Bastidarra, Ladeuix, Elkarlan, Betiko, Somocap, Voltaire eta SOGECA. Enpresa bakoitzak 50.000 euro inguruko inbertsioa egin du, egitasmo bateratu horren garatzeko. Etxelekuren hitzetan, «langileei bizitegi horien gozamena salduz geroan operazio berriak egitea» espero dute. Hazparnen lau apartamentu eginen dituzte, eta Aiherrako Auxotea etxean beste zazpi. Horrez gain, eraikin horretan zen ostatua biziberritzeko nahia erakutsi dute, baita bere ondoan diren komertzioak mantentzeko ere.