Goizean goizetik hasi dira atzo mobilizazioak. Erretretei lotuak alde batetik, Baionako portua eta Safran eta Turbomeca enpresetako sartzeak blokatu baitzituzten langileek. Ondotik, manifestaldi eta elkarretaratzeak aldizkatu ziren, Martxoaren 8ko borroka eguna markatzeko. Ekimen berezia burutu zuen LAB sindikatuak herriko etxearen aitzinean. Atsaldean hiru hitzordu nagusitu ziren. Lehenik Zutik eta Nous Toutes kolektiboko kideek elgarretaratzea egin zuten Baionako merkatu plazan, eta Itaia emazte sozialisten antolakundeak deiturik, hamarnaka manifestarik Lapurdiko hiriburuko karrikak zeharkatu zituzten, «emazte langile, ez zaitez makurtu» ohiu artean. Beste manifestaldi bat egin zen ere Irunen, Urruñatik eta Hondarribiatik abiatu bi zutabek osaturik.