Bortizkeria eta jazarpen sexisten kontra, Frantses Gobernuak sustaturiko "Angela" plana martxan da Hendaian uztaila hastapenetik. Herriko komertzioetan eta herriko etxearen zerbitzuetan jazarpen horien biktimentzat babeslekuak sortzea da plan honen asmoa. Jazarpen edo eraso sexistak pairatzen dituzten herritarrak laguntzeko helburuarekin, Hendaiako 25 komertzio batu dira jadanik dispositibora, langileek sentsibilizazio saio bat segitu dutelarik. Langile sentsibilizatu batek biktima segurtasunean emanen du, bezeroengandik isolatuz. Babesleku izaera duten komertzio horiek afitxa ubel batekin identifikagarriak izanen dira. Horretaz gain, ostatuen komunetan jarrera eta ohitura sexista bortitzak identifikatzeko afitxak ere emanen ditu Hendaiako herriko etxeak. Heldu diren hilabeteetan Angela plana komertzio gehiagotara hedatzeko asmoa dute.