Ihizia sasoia joan den asteburuan hasi da. Aurten, Ipar Euskal Herrian 8.000 lizentziadun dira eta Biarnoan 7.000. Ihiztarien %12a baizik ez dira emazteak oraino. Ihiztari elkarteen arabera, basurde populakuntza arras emendatu da eta, ondorioz, laborantza desmasiak biderkatu dira. Duela hamar urte, 2.000 basurde akabatzen zituzten eta azken urteetan 5.000 pasa. Kalteen kopurua emendatu baita, ihiztariek kalte-ordain gehiago ordaindu behar dizkiete laborariei eta Gobernuaren laguntza galdegiten dute. Adibidez, laborariek 300.000 euro errezibituko dituzte aurten kalte-ordainetan, eta Landetan 1,2 milioi euro. Horrez gain, eraginkorrago izateko, draia larrizko kartutxoak baliatzeko baimena galdegin dute, arrapostu baikorrik gabe mementuko. Neurri horren kontrakoen erranetan, kartutxo mota hori lanjerosa da eta animalia basek gehiago sufritzen dute.