Ostiralean hasi zen Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioa. Zortzi egunez 232 filma emanen dituzte, horietatik 57 estrainekoz. Igandean, 'Sultanaren Ametsa' animaziozko filma aurkeztu zuten sail ofizialean. Euskal, espainiar eta alemaniar koprodukzioa da, eta 1905ean Bengalen, Bangladeshen idatzitako ipuin feminista batean oinarritua da. Bertan, emazteek kontrolatzen zuten jendarte bat imaginatzen zuen Begum Rokeya idazleak. Filman, gaur egungo neska gazte euskaldun bat Bangladeshera doa, idazlearen aztarnei jarraika bere ametsa ulertzeko. Urrezko maskorra lortzeko lehian da Isabel Hergueraren filma. Euskara, ingelesa, gaztelera, italiera, hindia eta bengaliera naturalki nahasten dira filma horretan. Preseski, Miren Arrieta aktore gazteak jartzen dio ahotsa protagonistari euskaraz, gazteleraz eta inglesez.