Udazken betean, heldu da euskal zinemaren udaberria Hazparnera. Behin ere, euskaraz berriki estreinatu diren filmak ekarriko ditu Zinegin festibalak Ipar Euskal Herrira. Usaian bezala, Haritz Barne zinema gelan iraganen dira hitzordu guztiak, urriaren 19tik 22ra. Asteazken honetan iragarri dituzte aurtengo egitarauaren xehetasunak. Orotara hamabi filma, hiru musika emanaldi eta zine tailer bat izanen dira. Ikuskizunen sailari dagokionez, titulu nagusien artean izanen dira Paul Urkijoren 'Irati' filma arrakastatsua, Josu Martinezen 'Bizkarsoro' eta ‘Jon Mirande. Film bat egiteko zirriborroa’, Estibaliz Urresolaren '20.000 Erle Espezie' edota Alberto Vazquezen 'Unicorn Wars' helduentzako animaziozko filma.