Diru kanpaina horren bidez, urteko aitzinkontuaren %15a biltzea dute xede. Iaz, 210.000 euro bildu zituzten. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak laborarien formakuntza eta aholku zerbitzuak kudeatzen ditu Ipar Euskal Herrian, eta horretarako 1,4 milioi euroko aitzinkontua darabil. Aurten, trantsizio ekologikoan ezarriko du arreta, agroekolgia, agro-oihangintza eta etxaldeen autonomia bultzatuz. Izan ere, klima aldaketak sorrarazi dituen baldintza berrietara egokitzeko beharra dute Ipar Euskal Herriko laborariek. Iaz bezala, tokiko enpresengana joko dute lehentasunez, horietariko anitzen ekoizpena hertsiki lotua baita laborarien lanarekin. Urriaren 16an abiatuko dute kanpaina, eta sei astez luzatuko da. Beñat Molimos EHLGko lehendakaria izan da Goiz Berriko gomita.