Urriaren 30ean zabalduko dira Ipar eta Hego Euskal Herria artean oraino hetsiak ziren mugako lau pasabideak. Terrorismoaren kontrako borroka estakuru harturik 2021ean hetsi zituzten Hendaiako Avenida zubia, Izpegiko lepoa, Aldudeko pasabidea eta Larraineko lepoa. Urte hauetan, legeak agintzen zuenaren kontra, bide horiek baliatzen segitu dute tokiko herritarrek. Bi urtez mobilizazio eta izenpedura biltzeak antolatu dira mugako pasabideen irekitzea galdegiteko. Tokiko hautetsiek eta hainbat erakundetako ordezkari politikoek galde hori egin diote Frantziako gobernuari, horien artean Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako gobernuak eta Espainiako Gobernuak berak. Tokiko hautetsien artean, Jean-Dominique Idiart Larraineko auzapeza anitzetan agertu da mugen irekieraren alde; orain, kontent agertu da «berantarekin» heldu den deliberoarekin.