Oharrak, irainak, bazterketa, kolpeak... hainbat forma hartzen ditu jazarpenak eskolan. Frantziako Hezkuntza ministerioaren arabera hilabetero bi ikaslek bere buruaz beste egiten dute ikastetxean jasaten duten jazarpenarengatik. Gai horren inguruan, lan berezia eraman du Piarres Larzabal kolegioak. Elorri Garat psikologoak mintzaldia eskainiko die ikastetxeko gurasoei ostegun honetan, eta gaiaz kontzientziatzeko, kolegioko ikasleek erakusketa bat landu eta ezarri dute. Jazarpenaren inguruan marrazkiak, testuak edo argazkiak hartu dituzte, jazarpena zer den, nola bizi duten, edo zer eragin duen adierazteko.