Frantses Estatuko lehen sare sozial pedagogikoa da RésoLab. Bederatzi eta hamabi urte arteko gaztetxoei zuzendua da, sare sozialen mundura jauzi aitzin, sareko praktika egokietan trebatzeko xedez sortua. Legez 13 urtez beheitiko nerabeek debekaturik dute sare sozialetan kontu bat sortzea; alta, 7 eta 12 urte arteko gaztetxek, bataz beste, sei oren iragaten dituzte astean interneten. Hori dela eta, haurrek sare sozialak nola baliatu ikas dezaten, egitasmo hau abiatu du Baionako ospitaleko Adoenia egiturak. RésoLab Instagramen ereduan oinarritu dute, baina, irakasle eta gurasoek zaindutako espazioa izateaz gain, sare sozialen gehiegikeriez kontzientziatzeko xedea du. Orain arte Baionako lau eskoletako 250 haurrek baliatzen dute plataforma. Europar Batasuneko diru laguntzari esker proiektua beste hainbat herritan esperimentatuko da hemendik 2026 urtera arte.