Ipar Euskal Herriko amateurren txapelketako finalak jokatuko dira igande honetan Iholdiko Hoxari trinketean. Lehen mailan, Denek Bateko Laffite-Harismendy eta Sarako Harotzarene-Elgart lehiatuko dira. Orain arte, partida oro irabazi dituzte Denek Batekoek, eta faborito gisa heldu dira finalera. Saratarrek aldiz ez dute honetan hastapen errez ukan, baina balentria egin dute egoerari itzulia eman eta finalera arribatzeko. Nolanahi ere, aurtengo txapelgoa berezia izan dela azpimarratu dute gehienek. Izan ere, aldi honetan bederatzi pilotari gutxiago izan dira, zazpik berezkoetara jauzi egin baitute, eta beste bi mailaz jautsi baitira. Horrek, bistan dena, maila apaltzea eragin du. Ekaina honetan ere Esku Pilotak, pilota profesionalaren elkarteak, hamabi pilotari gazte bere gain hartu zituen, eta plaza libreko txapelgoa bertan behera gelditu behar izan zen. Anitzek ez zuten begi onez hartu Esku Pilotaren egiteko manera horiek. Hori dela eta audita edo kontu-ikuskatze bat abiatu dute Iparraldeko pilota munduko eragileek; horien artean, FFPBak, Pilota batzordeak eta Esku Pilotak. Jada bi bilkura egin dituzte, eta urtarrilean, hartu eman horien bilana eginen dute.