Pertsona elbarrituen errealitateaz kontzientziatzeko hilabetea izan da azaroa. Abenduaren 3an euskararena ez ezik, Elbarrituen Nazioarteko Eguna ospatu zen ere bai. Sentsibilizazio beharra bada bi gaietan, eta horren kari Handi'gnite egitasmoa garatu dute Baionan, hamaika ikusgarri, erakusketa eta mintzaldirekin. Laster ere Telethon ekimena abiatuko da, urtero bezala, eritasun genetikoak jasaten dituzten pertsonei laguntzeko xedez. Lapurdin, Miarritzeko 'Argia' zentroa da elbarrituak laguntzeko den gune nagusietariko bat. Zentroan 30 paziente laguntzen dituzte eguneroko bizian ahal bezain autonomo izan daitezen. Uxue Guimon Argia zentroko monitore hezitzailearen arabera «gehienek gizartean normaltasunez bizi nahi dute, apartamentu, bikotekide eta lan batekin». Horretarako, «paziente bakoitzaren beharretara egokitzea ezinbestekoa da».